2008-01-17

DISLEXIA

Dislexia irakurketaren eta idazketaren ikaste-prozesuari erasaten dioen transtorno bezala definitzen da gaur egun, umearengan inolako eskasia emozional, sentsorial (ikusmenaren edo entzumenaren arazo) nahiz intelektualik atzeman gabe. Zenbait teoriaren arabera, orientazio espazialaren akatsekin edota ikus-koordinazioaren alterazioekin egongo litzateke lotuta.
Dislexia ezin diagnostika daiteke argi eta garbi umeak sei-zazpi urte egin arte (eta beti psikologo, logopeda edo aditu baten eskutik). Hala ere, umearen gaitasun intelektualaren eta hizkuntza idatziaren inguruko bere trebetasunetan umeak lortzen dituen emaitza kaskarren arteko desoreka nabarmena da lehenagotik ere, bai gurasoak eta baita irakasleak ere susmotan jartzeko adinakoak. Ezaugarriak:
  • Ezin dituzte letrak (alfabetoa) behar bezala ikasi.

  • Ez dira hitzen osagaiak analizatzeko gai eta horrek irakurketa motela, nekosoa eta akatsez josia dakar (letrak jan egiten dituzte edo antzeko ortografia dutenak, adibidez b eta d, elkarrekin nahastu, ahoskatzeko zailtasunak dauzkate, puntuazio-zeinuekin trabatu egiten dira, hitzak luze samarrak edo zailak direnean irakurketa erabat aldrebesten zaie, etab.)

Dislexia maila desberdinekoa izan daiteke, noski, eta ume dislexiko guztiek ez daukate atzerapen edo zailtasun bera eskolan, baina normalean gehientsuenei kosta egiten zaie trebetasun bat baino gehiago martxan jartzea eskatzen duten lanak edo eginkizunak burutzea.

Hala ere, ume dislexikoak beste edozein ume bezain azkarrak dira, baina gauzak beste modu batera ulertzen dituzte. Beren egitura neurologikoa desberdina da, baina beren ikaskuntza-prozesuari beldurrik gabe aurre egiteko estrategia eta laguntza berezia eskainiz gero, arazo asko eta asko konpentsatu, errekuperatu eta konpontzeko gai dira. Dislexia ez da gaixotasun bat hitzaren zentzu hertsian, ikasteko modu desberdina baizik.Eta zailtasun edo diferentzia horiek onartzea gurasoen jarreraren arabera egon ohi da askotan.

AUTISMOA

Autismoa haurtzaroko gaixotasun bat da; beste pertsonekiko harreman-eskasia nabarmenak dituena. Bere sintomak 2-5 urte bitartean agertzen dira. Ezaugarriak:
  • Ume autistak onegiak izan ohi dira, ia inoiz ez dute negarrik egiten edo ez dira urduritzen, eta beren sehaskan luze egon daitezke, lasai-lasai, bakarrik egon arren. Beren gurasoen aurrean “distraituta” bezala egoten dira eta ez diete haien maitasun-ekintzei erantzuten.

  • Mintzaira-problemak, gutxi-asko grabeak, edukitzen dituzte ume autistek. Batzuetan mintzaira ez da batere garatzen; beste batzuetan, berriz, umea hitz egiten hasten da, baina 2 urte beteta, hortxe geratzen da ez atzera eta ez aurrera.Mintzairak ongi eboluzionatzen duen kasuetan ere, ez da normal garatzen (sintaxian bitxikeriak agertzen bait dira) eta hizkera monotonoa izan ohi da.

  • Beren ingurugiroa beti berdin, mantentzea gustatzen zaie. Edozein aldaketak (eguneroko paseoan egin ohi duen bidean aldaketatxoren batek, edota etxean zerbait lekuz aldatzeak, adibidez) larritasun eta estutasun handia sortzen die. Beren portaeraren alor honek asko mugatzen ditu, behin eta berriz errepikatzen dituzten jokabide eta erritmo-multzo mugatu batzuk soilik bereganatzen dituztelako.
Zer egin ume autistekin? Erreabilitazio-programak:
  • Gaitzak jota dagoen ume bakoitzak bere gaitasun edo ahalmen potentzialik handiena lortzea da programa hauen helburua.

  • Ume autista bakoitzak programa indibidualizatua behar du; teknikariek gurasoekin batera prestatutako programa, aldizka-aldizka berrikusiko dena.
  • Normalean bost dira landu beharreko arlorik funtsezkoenak: eguneroko bizimoduarekin lotutako iharduerak (jaztea, garbitzea, jatea, higienea eta norberaren autonomia), pedagogia espezializatua, komunikatzeko gaitasuna lantzea (edo ikastea, behar izanez gero), sozializazioa eta jokabidearen normalizazioa eta okupaziozko terapia.