2007-11-04

ANIZTASUNARI ERANTZUTEKO PLANA

Sarean, nik aukeratutako gaiari buruzko lan bat aurkitu dut, eta honetan, era orokorrean hitz egiten da aniztasunari buruz. Aniztasunari erantzuteko plana jarri dio izenburutzat egileak lan honi, izan ere, gehien bat, plan horri buruz hitz egiten baitu. Hasieran, sarreran, gaur egungo gizartea gero eta pluralagoa dela dio, eta gu, haurren hezitzaile izango garelarik, prestatuta egon behar garela. Azken finean, guztiek izan behar dituzte aukera berdinak edozein gauza ikasi ahal izateko eta bakoitzak bere zailtasunak izan arren, modu batean ezin bada, bestean egiten saiatu behar gara, eta irakatsi beharrekoa modu errazenean irakasten.

Guzti honengatik, ikastetxeetan, gero eta beharrezkoagoa da Aniztasunari Erantzuteko Plana izatea, izan ere, gero eta baliagarriagoa izango baita, eta gero eta gehiago edo normaltasun handiagoz erabili beharko baita.

Plan hau eta curriculum egokitzapenak ikasleen aniztasun edo arazoei aurre egiteko prestatzen dira, eta beraiei irakaskuntza errazteko, beraz, beti izango dira baliagarriak eta beharrezkoak ikastetxeetan.

2007-10-24

ATZERAPENA HIZKUNTZAN:

Hizkuntza oso garrantzitsua da komunikatzeko orduan, eta horregatik, umeengan hurbiletik jarraitu behar den kontua da, izan ere, oso adi egon behar gara haurren ikaste prozesu horretan, batzuetan atzerapenak sortzen baitira.
Atzerapen horiek ez dira zertan gaixotasunen batek eragindakoak izan behar, ume bakoitza desberdina da, eta agian ume batzuei beste batzuei baino gehiago kostatuko zaie hizkuntza bat ikastea, baina horrek ez du ezer txarrik esan nahi. Hala ere, hurbiletik jarraitu beharreko kontua da, batzuetan irakaslearen laguntzaz gain, beste aditu batzuen laguntza behar izaten baitute haur batzuek:psikologoena, audiologoena.....Kasu horietan adi egon beharra du bai irakasleak, bai haurraren familiak.
Gai honetaz hitz egiten duen blog bat aurkitu dut, eta honetan, elebitasunaren kontua ere aipatzen da, hau da, honek dioenez, haurra elebiduna izateak ere zerikusia du hizkuntzaren atzerapenean. Izan ere, kasu honetan, atzerapena izatea normalagoa da, haurraren burmuinak lan gehiago egin behar baitu. Atzerapen hauek denborarekin osatzen dira, baina gaixotasunen batek eragindako atzerapena bada, arreta bereziagoa jarri beharko zaio. Irakaslea eta familia gaixotasun horretan aditua den osagile batekin harremenetan egon beharko liratekeela uste dut, zer komeni zaion eta nola jakiteko.
Dena dela, tartean gaixotasuna egon edo ez, haurraren gurasoak eta irakaslea harremenetan egon beharko dira, eta ikastetxean eta etxean, arazo horri aurre egiteko beharrezkoa dena egin beharko dute.
Sarean hitz egiteko arazoak dituen uma baten bideoa aurkitu dut. kasu honetan, irakasleak lehenik eta behin, galdera batzuk egiten dizkio, eta ahal duen moduan erantzuten dio, eta gero, jolas bat erabiltzen dute hizkuntza lantzeko:
http://www.youtube.com/watch?v=mOLMLoTCds0

2007-10-14

JOLASEN GARRANTZIA:

Nik aukeratutako gaiarekin jarraituz, aniztasunari erantzuteko beste metodo desberdin bati buruz hitz egingo dut, izan ere, blog desberdinetatik informazioa bilatuz, interesgarria iruditu zaidan bat aurkitu dut. Honetan, jolas bati egiten zaio erreferentzia, jolas sinbolikoari hain zuzen. Osos interesgarria iruditu zait, honenbeste aldiz aipatu dudan aniztasun honi aurre egiteko era alternatibo bat delako. Hemen esaten denez, joko honetan, umeak rolak aldatzen dituzte, beraz, bakoitzak besteen zailtasunak edo ezaugarri desbedinak ezagutu ahalko ditu, ahal den neurrian, ez baitugu ahaztu behar joko bat dela.
Gainera, beraiek ere interes gehiago jarriko dute, eta motibatuago egongo dira horrelako joko bat egitean beste metodo bat erabiltzean baino, eta ikaskideenganako errespetua landu dezakegu.
Niri pertsonalki ideia hau asko gustatu zait, eta oso interesgarria dela uste dut.

GAIXOTASUNEI DAGOKIENEZ:

Haur Hezkuntzan, askotan gaixotasunen bat edo beste duen haurren bat izaten da geletan, eta kasu horietan, irakaslea ondo informatuta egotea beharrezkoa da. Ikasle horiek, hezkuntza premia bereziak behar izaten dituzte, horiek gabe ez direlako gauzak ulertzeko gai,...., baina hori, duten gaixotasunaren araberakoa izaten da.
Honako hau komentatzeko aurkitu dudan blogean, informazio ugari dago, eta gaixotasun askori buruz hitz egiten du, dislexia eta hiperaktibitatea kasu. Gaixotasun hauen ezaugarriak azaltzen ditu, eta hau oso garrantzitsua dela uste dut, nola tratatu edo nola lagundu jakin ahal izateko.
Kasu hauetan ere, oso garrantzitsua da behar duten laguntza eskaintzea eta beraien ezaugarriak ondo ezagutzea lagundu ahal izateko, eta irakasleak, aholkulari edo adituekin hitz egitea zer egin behar duen jakiteko.
Gaixotasun guztiak dira garrantzitsuak, baina badaude dislexia eta hiperaktibitatea baino okerragoak: down sindromea, autismoa,...., kasu hauetan, klasean beraiekin lan egitea zailagoa izaten da normalean, eta beste irakasle batzuen laguntza behar izaten da, auxiliar batena, pedagogarena, ....., eta honen laguntzarekin batera haurraren hezkuntza errazago egiten saiatzen dira. Hori bai, bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuz, gaixotasun berbera izan arren, bakoitzak bere ezaugarriak baititu.
Kasu honetan, nik, nire taldearekin batera, iaz, down sindromeari buruzko lan bat egin nuen, eta bere kasua hurbiletik ezagutzera joan behar izan ginan, beraz, gutxi gora behera haur hauekin nola jokatzen duten eta zer nolako laguntzak jasotzen dituzten ikusi nuen. Oso interesgarria iruditu zitzaidan, baina oso lan gogorra da, eta prestatuta egon behar dela uste dut, batez ere, ikasleari laguntza egokia eskaini ahal izateko.

KULTUR ANIZTASUNA

Lehen egin dudan aurkezpenean esan dudan bezala, aniztasuna oso hitz zabala da, hau da, arlo askotan ikus daitekeena, nolabait esanda.
Kultur aniztasunari dagokionez, gaur egun gero eta gehiago ikusten den gauza da, izan ere, gero eta etorkin gehiago datoz hona, eta hori ikastetxeetan izugarri igartzen da. Hauek, hasiera batean, zailtasun ugari izaten dituzte integratzeko, baina horiei aurre egiten lagundu behar zaie. Blog batean irakurri dudanez, izaten duten arazoetako bat hizkuntza da, izan ere, hemen euskera eta gaztelera erabiltzen dira, eta badaude ez bata ez bestea ulertzen ez duten umeak, edota erdara bakarrik ulertzen dutenak. Lehenengo kasuan, hasierako hilabateetan, arreta berezia jarri beharko zaio haurrari, eta dena modu desberdin eta errazago batean azaldu edo esan beharko zaio, ulertzeko gai izan dadin. Hala ere, ume hauek, laguntzarako klaseak ematen dituen irakasle berezi bat izaten dute, eta klase horietan, hizkuntza lantzen dute. Klase hauekin, asko ikasten dute, eta oso baliagarriak eta beharrezkoak dira gelako gainontzeko umeen maila hartu ahal izateko, edo gauzak hobeto ulertu ahal izateko. Aipatutako bigarren kasuan ere, hau da, gaztelera bakarrik ulertzen duten umeei ere, klase berezi horiek ematen zaizkie, eta izugarri eskertzen dituzte.
Komentatutako blog honetan, beraien ama hizkuntzari ere garrantzia eman behar zaiola dio, eta guztiz ados nago horrekin, umearentzat, ama hizkuntzak maila afektibo handia baitu, eta hori ez baita galdu behar.
Beraz, ikasle hauei, gure kulturaren berri eman behar zaie, eta hemen bizitzeko beharrezko izango dutena irakatsi beharko zaie beste umeei bezala, baina beraien kultura kontuan hartuz eta merezi duen garrantzia emanez.
Honetaz gain, ikasgelako beste umeei ere, kultura desberdinetako umeekin errespetuz jokatzen irakatsiko zaie, eta beraien kulturarekiko interesa pizten saiatzea ere ezinbestekoa da beraien hartu-emonerako.