2008-01-02

SEASKA

Aniztasunari buruz informazioa bilatzean, SEASKA, ikastolen federazioa agertu zait. Izan ere, ikastola, eskola edo ikastetxe askotan, badaude umeei zailtasunak gainditzen laguntzen dieten adituak, baina oraindik, hori ez da guztietara hedatu. SEASKA federazioaren kide diren ikastoletan ordea, beharrezko aditu guztiak daude, haurrei zailtasun guztiek gainditzen laguntzeko prest. Izan ere, beraien web horria ikusten egon naiz, eta bertan dena azalduta dago, zer egiten duten, dituzten helburuak, pedagogiari buruz ere hitz egiten dute, elebitasunari buruz...

Baina agian, nire gaiari begira, garrantzitsuena hurrengoa da: SEASKAko talde profesionalak laguntza logistikoa eta pedagogikoa ekartzen dietela ikastolei.
Beraien pedagogia proiektuari buruzko testua jarriko dizuet jarraian, hau beraien web horrian ere aurki dezakezue, baina oso interesgarria iruditu zaidanez, hemen jarriko dizuet:
Pedagogia aktiboa :

Ikastolak ikasle bakoitzari nortasunaren eraikitzea eta bere ahaleginez eskuraturiko jakitatearen lortzea bermatu behar dizkio. Alabaina, egintzak (fisikoa, intelektuala) dio emaiten sujetari, ulertzeko, sortzaile izaiteko, egokitzeko, aldatzeko ahalmena.
Gertakari beraren, objektu beraren aintzinean, pertsona bakoitzak ulertzeko molde desberdina du.
Ikusten da ikaslea ez dela untzi huts bat, erakasleak bere jakitatez betetzen ahal duena…Ezagutza berria ez da ezagutza zaharren gainean metatzen. Ezagutza berri orok jadanik hor dagoena berrantolatzen du : ikasleak osaturiko azalpena, bere pentsamoldea edo ulertzeko manera, hots, bere errepresentazioak (pedagogian eskuarki erabiltzen den hitza).
Honela, kontzeptu berria aurkezten duen aldi bakoitzean, erakasleak zuhur jokatu behar du ; ikasgaia ikasleen heinean izatekotan, ez gorago ez beherago, ebaluaketa-diagnosia egiterakoan bi galde hauek egin behar lituzke : zer dakizue « … »z ? Zer erran nahi du zuentzat ? Zer orroitarazten dizue ? Nola dakizue hori ?
Ikasleak esperientzia berriak bizi ditu etengabe, eskolan nahiz eskolaz kanpo.
Berrikuntzei buru egin behar die eta, bere errepresentazioak moldatu ezean, ezinezkoa izanen zaio oraino ezezagunak zaizkion horien barneratzea. Jadanik « hor dagoena » aski ez delarik, erabilgarria ez delarik da aldaketa abiatzen eta ikasketa gauzatzen. Pentsamoldea konplexuagotzen da eta bide berriak idekitzen zaizkio.
Garai batean, pedagogia aktiboa « ikasle aktiboari » lotzen zitzaion, « ikasle pasiboari » kontrajarriz. Kurtso magistralaz kanpoko zenbait teknika erabiliz gero, hots, ateraldiak, ikusentzunezkoak, gutunak, lana talde tikitan egitea, eta abar… aski zen erabilpen hau pedagogia aktiboa zela pentsatzeko.
Gaur egun, pedagogia aktiboak praktika konplexuagoa galdegiten du, hitz gutitan laburbil daitekeen pentsamolde filosofiko batek bideratua eta sustengatua : ikaslea da ikasten duena eta inork ez dezake egin hori bere ordez.Erakasle batek erakasten duelarik, ikasleak ez dira baitezpada ikasten ari : bi logikoak alderantzizkoak dira. « Aktibo » izenondoaren tokia « egile »-k hartzen du. Gaztea egile da bere formakuntzan, egile bere egitasmoan : horrek erran nahi du, parte hartzen duela, engaiatzen dela, bera dela jokalari nagusia.

Ikasteko bide deberdinetan oinarritzen den pedagogia :

Ikasgelara datorren haurra izaki bat eta bakarra da ; dagoeneko hainbat esperientzia bizi izan dituen izakia : bere inguruaren eta hartan gertatzen direnen ulertzeko eta barneratzeko molde berezia duena ; sentsibilitate, nortasun eta izaera bereziak dituena. Ondorioz, ikasle bakoitzak bere ikasteko moldea du, guhaurek, helduok, geurea dugun bezalaxe. Zein izan daitezke diferentzia horiek ?


• Batzuek eskema edota irudi bat beharko dute ulertzeko ; betse batzuek irudia laguntzen duten iruzkinen entzutea nahiago izanen dute,

• Batzuek gogoz ikasi behar duten « argazkia » eginen dute ; beste batzuek beren ahotsa « grabatuko » dute testuaren irakurtzerakoan,

• Batzuek xehetasun bakoitza bereizirik ulertu beharko dute, ondotik orokortasunera heltzeko ; beste batzuek hastapenetik ikuspegi orokorraren edukitzea nahiago izanen dute, geroago xehetasunen banazka aztertzeko,

• Batzuek bakartasuna beharko dute lan egiterakoan ; beste batzuek taldeko elkar-ekintzaren beharretan izanen dira,

• … eta horrela, zerrenda luzatuz joan daiteke.

Bestalde, nork bere lehentasunak ditu baliabide desberdinen horien erabiltzerakoan :

• Ikasle batek eskema bat beharko du, « argazkia » eginen du, xehetasun bakoitza bereizirik ulertuko du eta nahiago izanen du bakarrik lan egin,

• Beste batek eskema bat beharko du, aldi berean « grabatuko » du, lehenik orokortasuna ulertu eta taldean lan egitea hobetsiko du,

• Hirugarren batek iruzkinak beharrezko izanen ditu, « grabatuko » ditu, xehetasun bakoitza bereizirik ulertuko du eta nahiago izanen du bakarrik lan egin.

• Eta honela jarraikiz, aldagai guziak kontutan hartuz, konbinazioak ugariak dira. Konbinazio honi deitzen diogu « estilo kognitiboa », « ikas-estrategia » edo « ikas-soslaia ».


Ikasgelan, beraz, ikasle desberdinez bestalde, bere estrategia duen erakaslea ere badago. Erakasleari dagokio, ez ikasle honen edo bestearen soslai batean edo bestean kokatzea (lan erraldoia litzateke), baizik eta hurbilpen moldeak, euskarriak, kurtsoaren antolaketa-moten ugaltzea, ikasle bakoitzak bere bidea atzeman, bere baitan duena adierazi eta ezagutza eraiki dezan.


Sentsuari lehentasuna emaiten dion pedagogia


Haurra, nerabea, motibazio haundiko izakia da, jakin-minez betea, biziaren, harremanen, ezagutzen egarri dena. Ez da besteen erranetara dagoen kontsumitzaile hutsa ; bere gaitasunak ez ditu garatzen kontsignen ulertzeko eta betetzeko bakarrik…
Egiten duenari sentsua eman behar dio ikasleak. Bere betebeharreko eskola-garaian, testu-inguru guzietatik at dauden ikasketa-egoerak bizi ditu usu ; aurkezten zaizkion errealitateen arteko loturak egiteko zailtasunak ditu (ikus ama-eskolako uraren lurrunketa), eta erakasle eta instituzioaren xedeak ezin ulertuak egiten zaizkio.
Hainbatetan entzuniko : « berantago baliagarri izanen zaik/n » delakoa, bere aitatxi-amatxien jakinmina sustatzeko balio zuena, gaur egun antzua da. Dagoeneko eskola ez da ezagutzetara bide bakarra. Haatik, eskolaren zeregina ezin ukatuzkoa da pentsatzen ikasteari, galdeak egiten ikasteari edota ikasten ikasteari dagokionez.
Ikastola bakoitzeko pedagogia-taldeak eta erakasle bakoitzak beren irudimena eta sormena garatu behar dituzte, egoeren sortzeko eta antolatzeko, iharduera ludiko edo enigmatikoen proposatzeko. Hauetan, ikasketa-helburu zehatzek eginkizun bat edukiko dute ; ikasleak sentsua emanen die, eta hauek barneratzean ahalmen handiagoa lortuko du munduaren ulertzeko eta hartan eragina izaiteko.
Ikastolak biharko gizon-emazteak formatzen ditu ; hala ere, formakuntza hau egun gauzatzen da eta oraialdiko sentsua ukan behar du. Horretarako, ikasleari, biziki egokia izan dakioke proiektuaren pedagogia, edo hobeki erraiteko, ikaslea bere proiektuaren, asmatzaile eta bideratzaile izaiten lagunduko duen pedagogia (epe laburreko proiektuetatik hasi eta epe ertainekoetara).

Ikastola, ikasleen zerbitzuan


Ontsa errezibitzea

Ama ikastolak edozein haur errezibitzeko prestatuak izan behar dira. Bi urteko haurren errezibitzeko benetako hezkuntza-politika bati ekiten zaio, horretarako behar diren bitartekoak ezarriz. Ama-ikastola funtsezko urratsa da haurrarentzat, bai lehen ikasketen egiteko edota hizkuntzaren bereganatzeko.

Premia bereziak dituzten haurren errezibitzeko ere, joan arau galdea emendatzen ari denez gero, benetako hezkuntza - politika bat gogoetatu beharrekoa da eta egoera horretan diren familiekin bideratzekoa.


Zailtasun eta desberdintasunen aurka jokatzea
Ikasleen arteko diferentzia sozialak eta kulturalak, ikasteko haien artean direnak kontutan hartzen ez diren artean, ez dezakegu erran ikasle guziek xantza bera dutenik : engainua litzateke. Zailtasun horietarik zenbait desagertuko eta leunduko dira, edo bederen ez dira porroteraino helduko, erakasleak formakuntza sendoaren jabe eta burasoak informazio sakonaren jabe izanez, diferentzia horiei dagozkien tratamendu desberdin eta anitzak eskaintzen ahalko dizkietenean.

• Zailtasunek sorburu ugari dute :
Batzuk zailtasunak kausitzen dituzte beren adineko ikasleekin lanean artzeko, heldutasun intelektuala ez dutelako oraindik erdietsi.

• Ifrentzuz, bere adineko ikasleek baino heldutasun garatuagoa duten ikasleek.

• Erakaslearen erakasteko estrategiaren eta ikaslearen ikasteko estrategiaren arteko desadostasuna.

• Familiako gora-beherak.

• Ikaslearen jitezko ezaugarriak direla medio.

• eta abar...


Kasu hauek mingarriak dira denendako, baina, lehenik, egoera jasaiten duen ikaslearendako. Aterabidea ez da ping-pong-ean aritzea eta porrotaren erantzukizuna batzuek besteei leporatzea (hurrunago joanez, hogena). Baitezpadakoa da diagnosi sendoaren egitea, eta behar izanez gero arlo horretan aditu diren kanpoko kideen laguntza ere eskatu beharko litzateke. Ondotik, alde guzien artean, ikaslea ere, proiektu pertsonal zehatzak (edo hitzarmena) antolatzen eta gauzatzen dira. Honen bermatzaileak erakasleak dira pedagogia eta eskola arloan ; eta eskolaz kanpoko bizian burasoak.




Formakuntzan diren gazteen eskubide eta eginkizunak

Eskubide eta eginkizun horien gauzatzea gizarteko partaide izaten ikastea da.

Ikasleak argiki ikusi behar du zer-nolako loturak dauden berak burutu duen proiektuaren eta erakasleek finkatzen dizkioten pedagogia helburuen artean :

- Biziki hurbila izan behar du haur gaztearentzat ; adibidez : errezeta baten egitea, arazo-egoera bati buru egitea, eta abar...

- Orientazio proiektua lizeoko ikaslearentzat.


Erakasleek molde errealista batez zehazten dituzte xedeak, ikasleei azaltzen dizkiete eta bildumak ardura egiten dituzte elkarrekin. Gisa horretan, ikasleak, finkatu zaizkion helburuetan bere burua kokatzen jakinen du, eta eginahalak zein arlotan egin ere argiago ikusiko.


Bigarren mailan, laugarrenean hasiz ahal bada, eta lizeoan, ikasleek eskolako, unibertsitateko eta lan arloko orientazio proiektuak egiten dituzte beren nahien eta gaitasunen arabera. Horretan, buraso, erakasle, orientazio-ahokularien eta profesional trebatuen laguntza ukanen dute. Lantegietan egin ikastaldiek ere, beren hautuen egitera lagun ditzakete.

Ama-eskolatik lizeoko azken urtera arte gaztearen eta hezitzailearen arteko harremanak lehentasuna izanen du. Gaztea partaide gisa hartua da eta, hari buruzko edozein erabaki hartu aintzin, harekin elkarrizketatuko da hezitzailea. Elkarrizketa motak ugariak dira : buruz buru, ikas-gelako kideak bilduz edota biltzar orokorra ikasle guziei dagokien gaia delarik. Elkarrekiko biziaren ezaugarri hau tokian tokiko ikastolen proiektuetan zehaztua izanen da.

Kolegio-lizeoan (ikus, 89ko norabide legea) aniztasunaren errespetuan eta neutralitate printzipioan oinarrituz, informazio eta adierazpen askatasuna dute. Askatasun honen gauzatzeak ez dio kalterik egin behar erakaskuntza iharduerei. Ildo honetan, afitxak ezartzeko informazio taulak egonen dira ikas-geletatik kanpo.

Lizeoan, eskolako biziari (eskola proiektua, barne araudia, egintza sozio-edukatiboak) eta eskolako lanari (ordutegia, sustengu moldeak, orientazio prozesuak) dagozkien gaiez gela guzietako ikasleen iritzia kontutan hartzeko, ikasleen ordezkarien kontseilua bilduko da, eskolako zuzendariaren gidaritzapean. Ikasturtearen hastapenean, ikasle-ordezkariak betekizunari buru egiteko prestatuak eta formatuak izanen dira. Bigarren Mailan, adibidez, ikas-gela bakoitzean oren bat hartzen da konzertaziorako, erakasle batek kudeaturik. Horrela, ikasleak eskolako biziari eta lanari buruzko arazoez mintza daitezke. Orokorki kolegioari dagozkion ekimen edo erabakien hartzerakoan ikas-gela guzietako ordezkarien bilkurak antolatzen dira, zuzendariaren edo haren ordezkariaren ardurapean.