2008-01-14

HEZKUNTZA PREMIA BEREZIAK

Honako honetan, Hezkuntza Premia Berezia duen haurra elebiduna izatera irits daitekeen edo ez azaltzen duen artikulu bat aurkitu dut.
Honetan hizkuntza bat, era natural batez nola ikasten den azaltzen du, hau da, zein irizpide jarraitu behar den horretarako. Baina gero, Hezkuntza Premia Bereziak dituzten haurren kasuetan, aipatutako irizpide orokor horiek aplikatzeko orduan kontuan hartu beharreko oinarriak aipatzen dira.
Honetaz gain, adimen atzerapena, hizkuntza nahasteak, emozio-arazoak eta moldatzeko arazoak eta gorreria duten haurren kasuan, zer egin eta zein oinarri hartu behar diren kontuan ere azaltzen du.
Beraz, oso interesgarria eta baliagarria den artikulua da.

TRATU TXARRAK

Tratu txar mota asko daude, eta hauek, bai haurrengan bai helduengan gerta daitezke. Oraingo honetan, gurasoek beraien seme-alabei ematen dietenei buruz arituko naiz. Izan ere, gaur egun ere, ume asko dira beraien etxean, bai amarengandik bai aitarengandik, tratu txarrak jasatzen dituztenak, eta normalean, kasu hauek, gizarteko alde marginatu batekin lotzen ditugu. Baina hau edozein etxetan gerta daitekeen gauza bat da.
Normalean, familien batez bestekoarekin zerikusirik ez duten etxeekin erlazionatzen dugu arazo hori nahi gabe, pobrezia handia, ikasketa maila txikia edo toxikomaniaren eraginak bizi dituzten ingurune minoritarioekin hain zuzen, baina ezin dugu ulertu, familia konbentzional batean horrelakorik gerta daitekeenik. Baina erratuta gaude, hau edozein familiatan gerta daiteke, eta garaiz konturatzea da garrantzitsua, ume horri lagundu ahal izateko.
Sarean aurkitu dudan artikulu batean hitz egiten da honi buruz, eta hau nola antzeman eta honen aurrean zer egin behar dugun ere komentatzen da.
Hauek dira haur bat tratu txarrak jasaten badabil ala ez adierazten duten portaerak:


-Bere ohiko portaeran aldaketa bortitzak.
-Gurasoen arretarik jasotzen ez duten arazo fisikoak.
-Urduri eta kezkati agertzen bada, gauza txarren bat gertatzeko arriskua balego bezala.
-Arrazoirik gabe eskolara huts egitea.
-Familiak interes gutxi agertzen du haurrak eskolan egiten duenaz eta deitutakoan ez da eskola joaten.
-Gurasoek ukatu egiten dute haurrak arazorik duenik eta aldi berean, mespretxatu egiten dute bere jokaera.
-Familiak haurraren gaitasunentzat eskuraezinak diren helburuak ezartzen dizkio.
-Guraso edo helduek behin eta berriz iseka egiten diote.
-Haurrek ez diote jendeari aurpegira begiratzen edo gaizki esaka aritzen dira jende guztiaz.


Beraz, irakasleek gauza hauek hartu behar dituzte kontuan haurren batek jokaera arraroren bat baldin badu, eta mutiko edo neskatila bat tratu txarrak jasaten ari den susmoa duenean, erantzukizun etikoz jokatu behar du eta ahalik eta zuhurtziarik handienez.
Honi buruzko bideo bat:
http://es.youtube.com/watch?v=pj_pghZeJX4

2008-01-09

HAUR MASAIA

Nik aukeratutako gai honi buruzko informazioa aurkitzean, ez nuen espero masaian inguruan ezer aurkituko nuenik, baina antza denez, haurrei ematen zaizkien masaiak eskolarekin edo hezkuntzarekin ere lotura du. Web orri honetan, edo web orriaren artikulu batean, haurren masaiaz hitz egitean, eremu desberdinak ematen dira aukeran, baina nire gaiarekiz erlazio gehien duena "eremu eskolarreko haurrena" da. Oso labur azaltzen dira gauzak, eskematikoki, zehatzago esanda, baina oso ondo ulertzen da eta oso interesgarria da masaiak umeengan lortu dezaketena, edo horien bidez lortu dezakeguna. Hona hemen esaten dena:
Eremu eskolarreko haurrak

Haurtzaindegietan edo eskolaurrean (4 hilabete-4 urte): haurren arteko zein irakasle-haurren arteko erlazioak aldatzeko altxor bat izan daiteke.


Portaera erasokorra duten haurrekin : erlazioak eta portaerak aldatzen laguntzen du.


Haurrak adaptazio arazoak dituen denboraldian lagungarria da.


Ahozko- hizkuntzaren nahiz ez ahozkoaren sormena eta adierazkortasuna pizten edo sortzen du.


Haur-hezkuntzan eduki bezala sartu daitekeen osotasunezko bidea da; hots, "bakoitzaren ezagutza" eta jarreren lanketa.


Haurrak atentzio indibidualizatua jasotzen du gorputz lengoaian (lenguaje corporal) eta gainera afektibitate dosi handi batekin.


Honetaz gain, youtuben, haur masaiari buruzko bideo bat aurkitu dut, eta honetan, haurrei zer motatako masaiak ematen zaizkien ikus daiteke,baina ez dit uzten bideoa bitakoran jartzen, beraz, lotura jarriko dut bideoa ikusi bahi duenarentzat. (Bideoa)




2008-01-03

DOWN SINDROMEAREN KASU BAT

Nik eta nire taldeak, iaz, pedagogiako lan bat egin behar izan genuen, gaixotasun bati buruz. Guk, Down Sindromea aukeratu genuen, eta gaixotasun honi buruzko ezaugarri teorikoak eduki ostean, gaixotasun hau zuen ume batengana joan ginan, bai bera, bai bere irakasleak ezagutzera, eta beraiekin hitz egitera.
Lehenengo, bere tutorearekin hitz egin genuen, berak, ume honi laguntzeko zer egiten zuen komentatu zigun, eta gero bere pedagogarekin ere hitz egin genuen eta honek ere, zer egiten zuen komentatu zigun, hezkuntza erraztu ahal izateko.
Tutoreak esan zigunez, berak klasean, behar duen laguntza guztia ematen dio, eta dena, bere adin mentalera egokitzen du: fitxak...
Honetaz gain, auxiliar bat joaten da gelara tutoral laguntza behar duenetan, eta komunera joan behar denean ere. Beraz, auxiliarraren laguntza ere baduela komentatu zigun.
Pedagogak esan zigunez, berarekin, klasean egiten dituen fitxa egokitu horiek egiten ditu, erraztasuna har dezan, eta bera, gauzak errazago egiteko, truko batzuk irakasten dizkiola ere esan zigun. Baina berarentzako oso garrantzitsua zen, umeari denpora guztian berbetan egotea, bestela despistatu egiten baita, eta bera denpora guztian egoten da edo berba edo zarata esanguratsu bat egiten, ez despistatzeko.
Ipuinak kontatzerakoan ere, ahal duen neurrian, dena antzezten du, horrela, umeak ez du arreta galtzen, eta behin da berriz kontatuz gero, ipuina antzezten ikasten du, eta asko gustatzen zaio.
Kasu hau, oso interesgarria iruditu zitzaidalako kontatu dizuet, eta eskoletan, zailtasunak dituzten haurrei nola laguntzen zaien hobeo ulertzeko adibide ona dela uste dudalako, beraz, interesgarria iruditu izana espero dot.
Hona hemen egin genuen lana aurkezteko erabilitako power point-a. Hau nire taldekide batek slidesharen jarri du, eta bertatik hartu dut:


http://www.slideshare.net/bideaerraztuz/down-sindromea

2008-01-02

SEASKA

Aniztasunari buruz informazioa bilatzean, SEASKA, ikastolen federazioa agertu zait. Izan ere, ikastola, eskola edo ikastetxe askotan, badaude umeei zailtasunak gainditzen laguntzen dieten adituak, baina oraindik, hori ez da guztietara hedatu. SEASKA federazioaren kide diren ikastoletan ordea, beharrezko aditu guztiak daude, haurrei zailtasun guztiek gainditzen laguntzeko prest. Izan ere, beraien web horria ikusten egon naiz, eta bertan dena azalduta dago, zer egiten duten, dituzten helburuak, pedagogiari buruz ere hitz egiten dute, elebitasunari buruz...

Baina agian, nire gaiari begira, garrantzitsuena hurrengoa da: SEASKAko talde profesionalak laguntza logistikoa eta pedagogikoa ekartzen dietela ikastolei.
Beraien pedagogia proiektuari buruzko testua jarriko dizuet jarraian, hau beraien web horrian ere aurki dezakezue, baina oso interesgarria iruditu zaidanez, hemen jarriko dizuet:
Pedagogia aktiboa :

Ikastolak ikasle bakoitzari nortasunaren eraikitzea eta bere ahaleginez eskuraturiko jakitatearen lortzea bermatu behar dizkio. Alabaina, egintzak (fisikoa, intelektuala) dio emaiten sujetari, ulertzeko, sortzaile izaiteko, egokitzeko, aldatzeko ahalmena.
Gertakari beraren, objektu beraren aintzinean, pertsona bakoitzak ulertzeko molde desberdina du.
Ikusten da ikaslea ez dela untzi huts bat, erakasleak bere jakitatez betetzen ahal duena…Ezagutza berria ez da ezagutza zaharren gainean metatzen. Ezagutza berri orok jadanik hor dagoena berrantolatzen du : ikasleak osaturiko azalpena, bere pentsamoldea edo ulertzeko manera, hots, bere errepresentazioak (pedagogian eskuarki erabiltzen den hitza).
Honela, kontzeptu berria aurkezten duen aldi bakoitzean, erakasleak zuhur jokatu behar du ; ikasgaia ikasleen heinean izatekotan, ez gorago ez beherago, ebaluaketa-diagnosia egiterakoan bi galde hauek egin behar lituzke : zer dakizue « … »z ? Zer erran nahi du zuentzat ? Zer orroitarazten dizue ? Nola dakizue hori ?
Ikasleak esperientzia berriak bizi ditu etengabe, eskolan nahiz eskolaz kanpo.
Berrikuntzei buru egin behar die eta, bere errepresentazioak moldatu ezean, ezinezkoa izanen zaio oraino ezezagunak zaizkion horien barneratzea. Jadanik « hor dagoena » aski ez delarik, erabilgarria ez delarik da aldaketa abiatzen eta ikasketa gauzatzen. Pentsamoldea konplexuagotzen da eta bide berriak idekitzen zaizkio.
Garai batean, pedagogia aktiboa « ikasle aktiboari » lotzen zitzaion, « ikasle pasiboari » kontrajarriz. Kurtso magistralaz kanpoko zenbait teknika erabiliz gero, hots, ateraldiak, ikusentzunezkoak, gutunak, lana talde tikitan egitea, eta abar… aski zen erabilpen hau pedagogia aktiboa zela pentsatzeko.
Gaur egun, pedagogia aktiboak praktika konplexuagoa galdegiten du, hitz gutitan laburbil daitekeen pentsamolde filosofiko batek bideratua eta sustengatua : ikaslea da ikasten duena eta inork ez dezake egin hori bere ordez.Erakasle batek erakasten duelarik, ikasleak ez dira baitezpada ikasten ari : bi logikoak alderantzizkoak dira. « Aktibo » izenondoaren tokia « egile »-k hartzen du. Gaztea egile da bere formakuntzan, egile bere egitasmoan : horrek erran nahi du, parte hartzen duela, engaiatzen dela, bera dela jokalari nagusia.

Ikasteko bide deberdinetan oinarritzen den pedagogia :

Ikasgelara datorren haurra izaki bat eta bakarra da ; dagoeneko hainbat esperientzia bizi izan dituen izakia : bere inguruaren eta hartan gertatzen direnen ulertzeko eta barneratzeko molde berezia duena ; sentsibilitate, nortasun eta izaera bereziak dituena. Ondorioz, ikasle bakoitzak bere ikasteko moldea du, guhaurek, helduok, geurea dugun bezalaxe. Zein izan daitezke diferentzia horiek ?


• Batzuek eskema edota irudi bat beharko dute ulertzeko ; betse batzuek irudia laguntzen duten iruzkinen entzutea nahiago izanen dute,

• Batzuek gogoz ikasi behar duten « argazkia » eginen dute ; beste batzuek beren ahotsa « grabatuko » dute testuaren irakurtzerakoan,

• Batzuek xehetasun bakoitza bereizirik ulertu beharko dute, ondotik orokortasunera heltzeko ; beste batzuek hastapenetik ikuspegi orokorraren edukitzea nahiago izanen dute, geroago xehetasunen banazka aztertzeko,

• Batzuek bakartasuna beharko dute lan egiterakoan ; beste batzuek taldeko elkar-ekintzaren beharretan izanen dira,

• … eta horrela, zerrenda luzatuz joan daiteke.

Bestalde, nork bere lehentasunak ditu baliabide desberdinen horien erabiltzerakoan :

• Ikasle batek eskema bat beharko du, « argazkia » eginen du, xehetasun bakoitza bereizirik ulertuko du eta nahiago izanen du bakarrik lan egin,

• Beste batek eskema bat beharko du, aldi berean « grabatuko » du, lehenik orokortasuna ulertu eta taldean lan egitea hobetsiko du,

• Hirugarren batek iruzkinak beharrezko izanen ditu, « grabatuko » ditu, xehetasun bakoitza bereizirik ulertuko du eta nahiago izanen du bakarrik lan egin.

• Eta honela jarraikiz, aldagai guziak kontutan hartuz, konbinazioak ugariak dira. Konbinazio honi deitzen diogu « estilo kognitiboa », « ikas-estrategia » edo « ikas-soslaia ».


Ikasgelan, beraz, ikasle desberdinez bestalde, bere estrategia duen erakaslea ere badago. Erakasleari dagokio, ez ikasle honen edo bestearen soslai batean edo bestean kokatzea (lan erraldoia litzateke), baizik eta hurbilpen moldeak, euskarriak, kurtsoaren antolaketa-moten ugaltzea, ikasle bakoitzak bere bidea atzeman, bere baitan duena adierazi eta ezagutza eraiki dezan.


Sentsuari lehentasuna emaiten dion pedagogia


Haurra, nerabea, motibazio haundiko izakia da, jakin-minez betea, biziaren, harremanen, ezagutzen egarri dena. Ez da besteen erranetara dagoen kontsumitzaile hutsa ; bere gaitasunak ez ditu garatzen kontsignen ulertzeko eta betetzeko bakarrik…
Egiten duenari sentsua eman behar dio ikasleak. Bere betebeharreko eskola-garaian, testu-inguru guzietatik at dauden ikasketa-egoerak bizi ditu usu ; aurkezten zaizkion errealitateen arteko loturak egiteko zailtasunak ditu (ikus ama-eskolako uraren lurrunketa), eta erakasle eta instituzioaren xedeak ezin ulertuak egiten zaizkio.
Hainbatetan entzuniko : « berantago baliagarri izanen zaik/n » delakoa, bere aitatxi-amatxien jakinmina sustatzeko balio zuena, gaur egun antzua da. Dagoeneko eskola ez da ezagutzetara bide bakarra. Haatik, eskolaren zeregina ezin ukatuzkoa da pentsatzen ikasteari, galdeak egiten ikasteari edota ikasten ikasteari dagokionez.
Ikastola bakoitzeko pedagogia-taldeak eta erakasle bakoitzak beren irudimena eta sormena garatu behar dituzte, egoeren sortzeko eta antolatzeko, iharduera ludiko edo enigmatikoen proposatzeko. Hauetan, ikasketa-helburu zehatzek eginkizun bat edukiko dute ; ikasleak sentsua emanen die, eta hauek barneratzean ahalmen handiagoa lortuko du munduaren ulertzeko eta hartan eragina izaiteko.
Ikastolak biharko gizon-emazteak formatzen ditu ; hala ere, formakuntza hau egun gauzatzen da eta oraialdiko sentsua ukan behar du. Horretarako, ikasleari, biziki egokia izan dakioke proiektuaren pedagogia, edo hobeki erraiteko, ikaslea bere proiektuaren, asmatzaile eta bideratzaile izaiten lagunduko duen pedagogia (epe laburreko proiektuetatik hasi eta epe ertainekoetara).

Ikastola, ikasleen zerbitzuan


Ontsa errezibitzea

Ama ikastolak edozein haur errezibitzeko prestatuak izan behar dira. Bi urteko haurren errezibitzeko benetako hezkuntza-politika bati ekiten zaio, horretarako behar diren bitartekoak ezarriz. Ama-ikastola funtsezko urratsa da haurrarentzat, bai lehen ikasketen egiteko edota hizkuntzaren bereganatzeko.

Premia bereziak dituzten haurren errezibitzeko ere, joan arau galdea emendatzen ari denez gero, benetako hezkuntza - politika bat gogoetatu beharrekoa da eta egoera horretan diren familiekin bideratzekoa.


Zailtasun eta desberdintasunen aurka jokatzea
Ikasleen arteko diferentzia sozialak eta kulturalak, ikasteko haien artean direnak kontutan hartzen ez diren artean, ez dezakegu erran ikasle guziek xantza bera dutenik : engainua litzateke. Zailtasun horietarik zenbait desagertuko eta leunduko dira, edo bederen ez dira porroteraino helduko, erakasleak formakuntza sendoaren jabe eta burasoak informazio sakonaren jabe izanez, diferentzia horiei dagozkien tratamendu desberdin eta anitzak eskaintzen ahalko dizkietenean.

• Zailtasunek sorburu ugari dute :
Batzuk zailtasunak kausitzen dituzte beren adineko ikasleekin lanean artzeko, heldutasun intelektuala ez dutelako oraindik erdietsi.

• Ifrentzuz, bere adineko ikasleek baino heldutasun garatuagoa duten ikasleek.

• Erakaslearen erakasteko estrategiaren eta ikaslearen ikasteko estrategiaren arteko desadostasuna.

• Familiako gora-beherak.

• Ikaslearen jitezko ezaugarriak direla medio.

• eta abar...


Kasu hauek mingarriak dira denendako, baina, lehenik, egoera jasaiten duen ikaslearendako. Aterabidea ez da ping-pong-ean aritzea eta porrotaren erantzukizuna batzuek besteei leporatzea (hurrunago joanez, hogena). Baitezpadakoa da diagnosi sendoaren egitea, eta behar izanez gero arlo horretan aditu diren kanpoko kideen laguntza ere eskatu beharko litzateke. Ondotik, alde guzien artean, ikaslea ere, proiektu pertsonal zehatzak (edo hitzarmena) antolatzen eta gauzatzen dira. Honen bermatzaileak erakasleak dira pedagogia eta eskola arloan ; eta eskolaz kanpoko bizian burasoak.




Formakuntzan diren gazteen eskubide eta eginkizunak

Eskubide eta eginkizun horien gauzatzea gizarteko partaide izaten ikastea da.

Ikasleak argiki ikusi behar du zer-nolako loturak dauden berak burutu duen proiektuaren eta erakasleek finkatzen dizkioten pedagogia helburuen artean :

- Biziki hurbila izan behar du haur gaztearentzat ; adibidez : errezeta baten egitea, arazo-egoera bati buru egitea, eta abar...

- Orientazio proiektua lizeoko ikaslearentzat.


Erakasleek molde errealista batez zehazten dituzte xedeak, ikasleei azaltzen dizkiete eta bildumak ardura egiten dituzte elkarrekin. Gisa horretan, ikasleak, finkatu zaizkion helburuetan bere burua kokatzen jakinen du, eta eginahalak zein arlotan egin ere argiago ikusiko.


Bigarren mailan, laugarrenean hasiz ahal bada, eta lizeoan, ikasleek eskolako, unibertsitateko eta lan arloko orientazio proiektuak egiten dituzte beren nahien eta gaitasunen arabera. Horretan, buraso, erakasle, orientazio-ahokularien eta profesional trebatuen laguntza ukanen dute. Lantegietan egin ikastaldiek ere, beren hautuen egitera lagun ditzakete.

Ama-eskolatik lizeoko azken urtera arte gaztearen eta hezitzailearen arteko harremanak lehentasuna izanen du. Gaztea partaide gisa hartua da eta, hari buruzko edozein erabaki hartu aintzin, harekin elkarrizketatuko da hezitzailea. Elkarrizketa motak ugariak dira : buruz buru, ikas-gelako kideak bilduz edota biltzar orokorra ikasle guziei dagokien gaia delarik. Elkarrekiko biziaren ezaugarri hau tokian tokiko ikastolen proiektuetan zehaztua izanen da.

Kolegio-lizeoan (ikus, 89ko norabide legea) aniztasunaren errespetuan eta neutralitate printzipioan oinarrituz, informazio eta adierazpen askatasuna dute. Askatasun honen gauzatzeak ez dio kalterik egin behar erakaskuntza iharduerei. Ildo honetan, afitxak ezartzeko informazio taulak egonen dira ikas-geletatik kanpo.

Lizeoan, eskolako biziari (eskola proiektua, barne araudia, egintza sozio-edukatiboak) eta eskolako lanari (ordutegia, sustengu moldeak, orientazio prozesuak) dagozkien gaiez gela guzietako ikasleen iritzia kontutan hartzeko, ikasleen ordezkarien kontseilua bilduko da, eskolako zuzendariaren gidaritzapean. Ikasturtearen hastapenean, ikasle-ordezkariak betekizunari buru egiteko prestatuak eta formatuak izanen dira. Bigarren Mailan, adibidez, ikas-gela bakoitzean oren bat hartzen da konzertaziorako, erakasle batek kudeaturik. Horrela, ikasleak eskolako biziari eta lanari buruzko arazoez mintza daitezke. Orokorki kolegioari dagozkion ekimen edo erabakien hartzerakoan ikas-gela guzietako ordezkarien bilkurak antolatzen dira, zuzendariaren edo haren ordezkariaren ardurapean.

2008-01-01

Gabonak direla eta, eskuinean, besteak beste, Deustuko eskolako 5 urteko haurrek abestutako gabon kanta bi jarri dizkizuet.

2007-11-04

ANIZTASUNARI ERANTZUTEKO PLANA

Sarean, nik aukeratutako gaiari buruzko lan bat aurkitu dut, eta honetan, era orokorrean hitz egiten da aniztasunari buruz. Aniztasunari erantzuteko plana jarri dio izenburutzat egileak lan honi, izan ere, gehien bat, plan horri buruz hitz egiten baitu. Hasieran, sarreran, gaur egungo gizartea gero eta pluralagoa dela dio, eta gu, haurren hezitzaile izango garelarik, prestatuta egon behar garela. Azken finean, guztiek izan behar dituzte aukera berdinak edozein gauza ikasi ahal izateko eta bakoitzak bere zailtasunak izan arren, modu batean ezin bada, bestean egiten saiatu behar gara, eta irakatsi beharrekoa modu errazenean irakasten.

Guzti honengatik, ikastetxeetan, gero eta beharrezkoagoa da Aniztasunari Erantzuteko Plana izatea, izan ere, gero eta baliagarriagoa izango baita, eta gero eta gehiago edo normaltasun handiagoz erabili beharko baita.

Plan hau eta curriculum egokitzapenak ikasleen aniztasun edo arazoei aurre egiteko prestatzen dira, eta beraiei irakaskuntza errazteko, beraz, beti izango dira baliagarriak eta beharrezkoak ikastetxeetan.